top of page

Panama: Latinoamerikako bitxi ezezaguna

  • Writer: Nakama
    Nakama
  • 3 days ago
  • 3 min read

Panama, floraz eta faunaz beteriko herrialdea, urez inguratua, gastronomia atsegin eta goxoarekin... Nola liteke Latinoamerikako beste herrialde batzuk bezain ezaguna ez izatea?


Guk ere ez dugu ulertzen. Ezagunak ditugu Costa Ricako flora eta fauna, Mexiko eta bere kontrasteak... eta egia esan, herrialde horiek ere zoragarriak badira ere, Panama maila berean kokatzen dugu. 


Agian bere kanalagatik egiten zaigu ezaguna, Bocas del Torogatik eta bere erritmo karibearragatik... baina Panama hori baino askoz gehiago da, eta guk hori deskubritzen lagunduko dizugu.

Panamako flora eta fauna ezagutzen

Bere kokapen geografikoagatik, Panamak Ipar eta Hego Amerikako fauna lotzen ditu. 75.517 km²-ko azaleran 1.000 hegazti-espezie baino gehiago daude, baita nagiak, jaguarrak, eskorpioiak, kaimanak, kolore distiratsuko igelak eta tximino-espezie desberdinak ere. Hirian bertan ere, Panama Hiriko Parke Natural Metropolitarrean, animalia basatiak ikus daitezke.

Rana en la reserva Natural de Gamboa
Igela Gamboako Erreserba Naturalean

Panamako flora bere paisaia bezain anitza da. 10.000 landare espezie baino gehiago erregistratu dira, orkidea exotikoak, ehun urtetik gorako zuhaitzak (kuipoa eta haritza, esaterako) eta komunitate indigenek mendeetan erabilitako sendabelarrak barne.


Bi kostalde, mila abentura

Karibe itsasoak eta ozeano Pazifikoak bustita, bere hondartza luzeak dira deskonektatzeko eta erlaxatzeko lekurik onena. Pazifikoko aldean zein Karibekoan, beti palmondoak eta karramarro-taldeak lagun, hondartza hauek oporrak behar ditugunean denok amesten ditugun paisaiak gogorarazten dizkigute.


Itsaso horiek, gainera, itsas flora eta fauna esploratzeko lekurik onenak dira. Bertan, urpekaritza edo snorkel egin dezakegu, eta, horrela, haien itsas bizitza koloretsua ikusi. Bertan bizi den fauna aldakorra da eta, horregatik, bidaiatzen dugun sasoiaren arabera, marrazo baleak, marrazo mailuak edo era guztietako baleak ikus ditzakegu.


Marrazo punta zuria Coibako Parke Nazionalean


Sakonerak gustatzen ez bazaizkigu eta itsasoaz beste ikuspegi batetik gozatzea nahiago badugu, ohol bat hartu eta olatuak surfeatzeko aukera eskaintzen du; maila guztietakoak daude, bai ikastea nahi dutenentzat, bai adituentzat.


Mendian ibiltzeko aukera

Itsasoa baino mendian ibiltzea nahiago badugu, herrialdearen barrualdean paisaia ederreko trekkingak aurki ditzakegu. Naturarekin lasai eta isilik konektatzeko lekuak, baso berde eta hostotsuetan murgilduz eta ur-jauzi eta ibaien soinuarekin erlaxatuz.

Herrialdearen herena baino gehiago babestutako erreserba naturalez osatua dago; batzuk Pazifikoko kostaldetik gertu (Coibako Parke nazionala, esaterako) eta barnekaldean besteak (Barú sumendiaren Parke Nazionala, adibidez). 

Coibako Parkea irudietan ikusi nahi baduzu, hemen duzu bideoa.


Panama Hiria: modernitatea, historia eta zaporea

Naturatik pixkat urrunduz, Panamako hiria aurkituko dugu; hiriburu zirraragari, kosmopolita eta berdea.

Hiriko leku guztietan kultura, historia eta modernitatea nahasten dira, etxe-orratzetatik hasita bere Alde Zaharreraino (UNESCOren gizateriaren ondarea dena). 

Bertako gastronomian ere nahaste hori nabaritu daiteke, izan ere, eragin afrokaribear, kriol, espainiarra… duten plater zaporetsuak dastatu daitezke. Deskubritu ezazu Panamako gastronomiari buruzko artikulu honetan


Casco Antiguo Ciudad de Panamá
Panama hiriko Alde Zaharra
Inperiotik kanalera: Panamako historiaren gakoak

Panamaren kokapen estrategikoak eragin handia izan du bere historian. 1519.urtean espainiarrek Panamako Hiria fundatu zuten, Amerika eta Europaren komertziorako puntu garrantzitsu bilakatuz. 


Mendeetan zehar, eskualde honek piraten erasoak izan zituen, eta 1821ean Espainiarekiko independentzia lortu zuen, Simon Bolivarren Gran Colombiarekin batuz. Hala ere, tentsio politiko eta ekonomikoek, 1903an Panama eta Colombia banatzea ekarri zuten. Erabaki horretan Estatu Batuen babesa izan zuten, ozeanoen arteko kanala eraikitzeko lekurik aproposena zela uste baitzuten. 


1914an Panamako kanala inauguratu zuten eta honek herrialdearen eta munduko komertzioaren historia aldatu zuen, ozeano Atlantiko eta Pazifikoaren artean itsasontziak pasatzea ahalbidetu baitzuen. Mende batez Estatu Batuek kontrolatu zuten bide hau, baina 1999ko abenduaren 31n, kanala Panamaren esku geratu zen, bere soberanian mugarri bat ezarriz. Gaur egun, kanala herrialdearen diru-sarrerarik garrantzitsuena da, eta baita ingeniaritza modernoaren mirarietako bat ere. 


Ikusi ahal izan duzun bezala, Panama herrialde bat baino gehiago da. Batzen, eraldatzen eta zurekin geratzen den esperientzia bat da. Eta guk, gure lekurik gustukoenak txertatu ditugu gure Panamako talde bidaietan. 

Kontatu dizugun guztiarekin, ziur gaude zure burua itsaso horietan bainatzen edo leku ezezagunak esploratzen ikusten duzula. 


Zure azalean bizitzera ausartzen al zara?



コメント


bottom of page