top of page

Gure bizitzako bidaiaren hasiera. Urtebete Latinoamerikan zehar bidaiatzen

  • Writer: Nakama
    Nakama
  • Apr 11
  • 3 min read

Panamatik Mexikorako gure abentura


Gure lehen postean esan dugun bezala, Panamatik Mexikora bidaiatzeko aprobetxatu genuen urte sabatiko batekin hasi zen dena, Ertamerika zeharkatu genuenean. 


2021. urtean, neguko egun batean, elurra ari zuela, mendian paseatzera joan ginen. Momentu horretan bidaia batean pentsatzea ez zen ideiarik onena, pandemiak apur bat lotuta baigintuen oraindik. Berriro bidaiatzeari buruz hitz egiten hasi ginen, bidaia luze bat egiteari buruz... eta geure buruari galdetzen genion: "Eta urte sabatikoa hartu eta beroaren bila bagoaz?". Eta horrela hasi zen dena. Hasieran ez genekien nora joango ginen, baina pandemiaren ondorengo egoerak berak eraman gintuen Panamara. Inolako murrizketarik eta baimen berezirik gabe irits zintezkeen herrialdera. Motxilak egin, eta gure bizitzako bidaia izango zenari hasiera eman genion.


Urtebetez etxetik kanpo ibiltzeko asmoa genuenez, bidaiatzeaz gain “lan” egitea ere nahi genuen, eta modurik onena bolondres bezala aritzea zela ikusi genuen. Modu horretan, ordu batzuk lanean pasatzeaz gain diru pixkat aurreztu ahal izango genuen; izan ere, gure lanagatik lo egiteko lekua ematen ziguten trukean. Horrela, eta trebetasun berezirik izan gabe, beharra zegoen leku horietan lan egiten hasi ginen; ostatu batean gosariak prestatzen, oheak egiten eta harreran lan egiten; lorategi bat garbitzen laguntzen, GKE batean emakumeentzako ikastaroak ematen, hotel bat margotzen, oihan batean palmondoak birlandatzen... Ikusten duzuenez, denetarik egiten genuen, beti ilusioz eta ikasteko gogoz. Eta, egia esan, oso esperientzia aberasgarria izan zen biontzat. 


Horrela bidaiatzeak erronka eta beldur berriak gainditzen irakatsi zigun, eta, batez ere, gure buruengan konfiantza gehiago izaten eta gure egokitzeko gaitasunean askoz gehiago sinesten.

Bolondres bezala aritzeko lekuak aurkitzeko "Workaway" izeneko plataforma erabiltzen genuen. Plataforma hau kultura-trukerako, oporretarako eta boluntariotzarako komunitatea da, eta munduko edozein herrialdetan “lan” egiteko aukera ematen dizu. Zeregin bakoitzaren deskribapena, baldintza, denboralizazioa… ikus dezakezu bertan, eta bolondres bila ari direnekin kontaktatzea oso erraza da. Gehienetan, azkar aurkitzen genuen bolondres bezala aritzeko leku bat baina batzuetan zailtasun gehiago izan genituen.




viaje en baja california sur
Baja California Sur


Bidaiatzeko modu honi esker jende asko ezagutzeko aukera izan genuen, eta horietako asko gaur egun ere lagunak ditugu. Horrelako esperientziak konpartitzeak harreman bereziak sortzea ahalbidetzen du. 


Bolondres bezala aritzen ez ginenean, herrialdean zehar bidaiatzeko aprobetxatzen genuen, leku berriak deskubritzeko eta aukeratutako leku horretan patxadaz bizitzeko. Egun hauek ekintza bereziren bat egiteko ere erabiltzen genituen; urpekaritza, trekking-en bat, tirolinak… herrialdeak eskaintzen zigunaren arabera. 




Buceando en los cenotes de México
Mexikon urpekaritza


Herrialdean zehar eta herrialde batetik bestera pasatzeko autobusean mugitzen ginen. Oso bidaia luzeak eta astunak izaten ziren, herrialdeen arteko mugetako erritmoak motel xamarrak direlako, baina guretzat mugitzeko modurik ekonomikoena izateaz gain, jasangarriena ere zen. 


Bidaia luzeak egiteko gaueko autobusak erabiltzen genituen. Lo egiteko asmoz igotzen baginen ere, ezinezkoa izaten zen; izan ere, autobuseko tenperatura 4 gradutakoa izaten zen eta gidariak reggaeton topera entzuteko aprobetxatzen zituen 8 orduak.  


Lo egiteko hostaletan alojatzen ginen, gehienetan logela jende gehiagorekin partekatuz. Hegoalde Kalifornia Beherean egindako egonaldi batean, 12 bidaiarirekin konpartitu genuen logela! Motxilan uzteko eta zabaltzeko tokirik ez genuen, bidaiari batzuk zurrungaka pasatzen zuten gaua… ez ziren momentu erosoak, baina bagenekien tarte baterako esperientziak zirela eta egoera horietara egokitzea lortzen genuen. Baita gure litera-kideak ezagutzea ere.



Bidaia hau gure bizitzako bidaia izan zen. Esnatzen ginenetik lotara joaten ginen arte elkarrekin pasa genuen urtea. Dena partekatu genuen, bata bestearentzat etxe izan ginen, elkarrekin hazi ginen. 


Bizitako guztia lerro hauetan kontatzea oso zaila da, eta 4 urte pasa badira ere, urte honi buruz hitz egiten dugunean begiek dir-dir egiten digute oraindik ere, eta bihotza berotzen digute oroitzapenek. 


Horrelako esperientzia bat bizitzea nahiko zenuke? Egin zaitez Nakama!


Zu ere Nakama zaren ikusteko gure Manifestua irakurri dezakezu. 






 
 
 

Comments


bottom of page